ASTEKARIA

2013ko urriaren 18an
Lehenengo astea amaitu da, eta jada hurbilketa bat egin diogu ikasgaiari. Hasierako bi saio hauetan egindako lana ez da makala izan. Izan ere, ikasgai honetan aritzeko oinarrizko hiztegia ikasi, eta hurrengo egunetarako baliagarria suerta daitezkeen aplikazio batzuk jorratu ditugu, hots, Google Drive, Google Alerts, eta azkenik, Blogger aplikazioak.

Egindako lana baloratzeari dagokionez, zera esan behar dut: egia esanda, ez naiz oso aditua ikt-en mundu honetan, eta bi egun hauetan, bai ikaslea naizen heinean, bai irakaslea izango naizen heinean, erabat erabilgarriak izango diren lanabesak nola erabiltzen ikasi dut. Izan ere, jakin badakigu hezkuntzan murgildurik lan egingo dugun neurrian, horrelako lanabesak kontrolatu behar ditugula. Beste hitzetan esanda, esan genezake egindako bi saio hauetatik ikasketa esanguratsua egin dudala arrazoi batzuengatik: alde batetik, nire eguneroko bizitzan aurrera egin behar dizkiodan kontuak, beste modu batean (baliteke eragingarriagoa izan daitekeena) aurrera eramaten lagundu didalako. Eta bestetik, nire formakuntza prozesu honetan hain oihartzun handia duen IKT arloaren inguruan ezagutza berriak eskuratzeko baliagarria izan delako.

Era berean, bloga egiterako orduan, guri deigarria iruditzen zaigun gaia aukeratzeko askatasuna uzteak, ekintza hau jarrera desberdinarekin jorratzeko aukera emango digu. Izan ere, guztiontzat gai orokor bat adostu izan bagenu, baliteke  gai horrekiko interesa ez izatea, eta beraz, lana honetatik ezer ez ikastea. Modu honetan, interesatzen zaizkigun gaiak direnez, horiei buruz jakin, ikasi, ezagutu nahi dugu, eta baliabide honek (bloga), hori ahalbidetzen du.

Beraz, orain arte esandako honengatik guztiagatik, landutakoaren balorazioa erabat baikorra delakoan nago, aintzat harturik ikasgai hau jorratzeko egokitu zazkigun orduak ez direla batere lagungarriak saioei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko.


2013ko azaroaren 15an

Hiru aste pasa eta gero, hemen gaude berriro ere ikt munduan murgilduta. Egia da aste honetan genituen saioetarako itxaropen batzuk nituela. Izan ere, aurrekoan esan bezala, ez naiz oso trebea horrelako programak erabiltzen, eta ezjakintasun horrek ezinegona sortarazten dit. Era berean, esan beharra dago, nire itxaropenak erabat bete direla, egun hauetan egin ditugun ekintza guztiei esker. Halaber, egindako jardueren artean, honako hauek ditugu:

Alde batetik, osteguneko saioa bloggeko kontu batzuk aztertzera bideratuta egon zen, gure blogarekin aurrera egin ahal izateko. Benetan erabilgarria izan zela osteguneko saio hau. Izan ere, kontuan izanda blogger programa ez dudala inoiz erabili, etxetik nekarren zalantzak argitu ahal izan nituen, eta ondorioz, blogari egitura bat ematen hasi naiz.

Beste aldetik, ostiralean, IKT ikasgai honetan egin beharreko beste lan baten inguruan lan egin genuen, hots proiektua. Lehenik eta behin, irakasleak lana aurkeztu eta honen inguruan eite batzuk azaldu zituen, eta ondoren, horrekin hasteko agindutako lanak egiten hasi ginen, esate baterako, taldeak osatu, talde funtzionamendurako arauak adostu eta google sites ireki.

Halaber, lan honen inguruan, aipatzekoa da, gaur jaso izan dudan lehenengo ustea oso baikorra izan dela. Izan ere, lan honek gure etorkizunean topa dezakegun errealitate bat aztertzeko eta lantzeko aukera eskaintzen du. Beraz, nahiz eta lan gogorra izango dela dirudien, azkeneko emaitza etekingarria izango delakoan nago. Gainera, Google Sites aplikazio hori etorkizunerako oso erabilgarria izan daitekeen lanabesa dela iruditzen zait.

Amaitzen joateko, hausnarketa orokor gisa, zera esan behar dut: niretzat, bai bloga bai google sites modu egokian erabiltzea erronka bat suposatuko du. Izan ere, horrelako gaietan ozta-ozta aritu naiz nire bizitzan zehar, eta ondorioz, ez dut esperientzia handirik horrelako kontuetan. Honen ondorioz, kontziente naiz nire ikaskideak baino denbora gehiago eman behar izango dudala baldin eta blog oso bat lortu nahi badut.

Hala ere, hauetan aritzeko gogo handiak ditut hainbat arrazoiengatik: alde batetik, horrelako programetan trebatzea nire bizitzarako onuragarria izango delako, bizitza profesionalari zein personalari dagokionez. Bestetik, unibertsitatera, maistra ona izateko behar ditudan gaitasunak eskuratzeko etortzen naizela, eta gaitasun digitala da, hain zuzen ere, garatu beharreko gaitasunetariko bat. Eta azkenik, horrelako progama digitalak gutxitan erabili izan ditudan arren, nire gustukoa diren lanabesak dira, eta ondorioz, hauek erabiltzen ikasi nahi dudalako.




2013ko azaroaren 22an
Aste honetan soilik ostiraleko saioa izan dugu, greba dela medio ostegunekoa galdu egin baikenuen. Ostiraleko saio honetan, ikasgai honetan egin beharreko proiektuarekin jarraitu dugu. Honetan, proiektua aurkezteko sortutako Google Sites-a antolatu dugu eta E2 eta E3 entregaiak egiten hasi gara. Hala ere, saio honetan pentsatzen genuena baino gutxiago egin ahal izan dugu, Google Siteseko kontu batzuk antolatzea guk uste genuen baino denbora gehiago eskatu baitigu.
 
Bestalde, E2 ematekoan eskatzen diguten kronograma egiten ari ginela, ohartu gara saio gutxi geratzen zaizkigula proiektua aurkezteko, eta honek, larritasuna eta urduritasun sorrarazi digu. Izan ere, beste ikasgaietako hainbat lan ditugu ere entregatzeko, eta denbora nahikoa izango ez dugulakoan gaude. Beraz, gure egoera zein den ikusita, proiektuaren 5.5.jarduera etxean egitea erabaki dugu, datorren saiorako lanaren zati bat aurreratuta izan dezagun.
 
Hala ere, esan beharra dago, nahiz eta pentsatzen genuen lan guztia burutu ez dugun, taldeak primeran lan egin duela. Bi azpitaldetan banandu gara eta azpitalde bakoitzari eginkizun bat egokitu zaio. Esan genezake, momentuz taldeak duen antolakuntza egokia dela. Baliteke honen zergati nagusietariko bat taldekide guztiak lan egiteko prest gaudela eta egin beharreko lana ahalik eta ondoen egitea nahi dugula izatea.
 

Amaitzeko, aipatzekoa da taldeak zailtasun batzuk topa dituela lanak aurrera eramateko momentuan. Izan ere, oraindik ere ez ditugu gure buruak proiektuan egin behar dugun horretan kokatuta, eta saio honetan hainbat aspektu argitu behar izan ditugu. Honen arrazoia, saio asko galdu ditugula, eta ondorioz, ez dugula proiektua azaltzeko eta honen mamia ateratzeko astirik izan daiteke. Horiek horrela, ezin izan dugu gaurko genuen plangintza osoa bete.

Halere, nahiz eta aste honetan burututako lana pentsatzen genuena  baino "kaskarragoa" izan, badira ere ikasitakoak. Izan ere, saio honetan topatutako zailtasunak eta oztopoak etorkizunean topa ditzakegunak bezain errealak dira; beraz, horiei aurre egiten ere ikasi behar dugu. Eta, horixe izan da hain zuzen ere saio honetatik egin dudan hausnarketa. Beste hitzetan esanda, aste honetan ikt-en munduaren inguruan baino, irakaskuntzarekin lotutako aspektuen inguruan ikasi dut.



2013ko azaroaren 29an
Lauhilabetekoak aurrera egiten du, eta gure lanak entregatzeko epeak hurbiltzen hasi dira. Egia esanda, hainbat gauza geratzen zaizkigu oraindik, eta denbora gure gainean dagoela sentitzen dut.
 
Aste honetan, osteguneko saioan, ezin nintzen klasera joan, gaixorik nengoen eta. Hala ere, nire kideak abisatu, egun horretarako genituen etxerako lanak egin eta bidali, eta klasean zer egin zuten galdetu nien. Horrela, etxean nengoela, delicious kontua ireki nuen, eta ostiralerako aurkezpena nola egin pentsatu ere.
Ostiralean, berriz, proiektuarekin lan egiten ibili ginen. Lehenik eta behin, gaitasun digitalaren inguruan topatu genituen webguneak komentatu genituen, eta ondoren, gure lanari itzuli ginen. Egia esan behar bada, momentu batzuetan geure buruak nahiko galduta ikusten ditut.  Izan ere, jarduera asko burutu behar ditugu denbora gutxian, eta ondorioz, nahiko azkar egin behar ditugu denbora nahikoa izan dezagun, hausnarketa sakona egiteko denbora eskasa izanik. Aitzitik, esan beharra dago, poliki-poliki ideiak antolatzen joan garela, eta jadanik, gure proiektua nahiko bideratuta daukagula.

Halaber, aste honetako astekarian honakoa komentatu nahiko nuke: nahiz eta proiektuaren lanak denbora dexente eskatzen duen, nire aburuz, proiektu interesgarria eta aberasgarria da; izan ere, gure etorkizunean gerta dakigukeen egoera dugu. Hortaz, taldean erabaki dugu gure buruak irakasle gisa kokatzea, eta horren arabera, proposamen bat sortzea; azken batean, horixe izango da gure etorkizunerako labna.

Amaitzeko, blog-aren inguruko hausnarketa egin nahiko nuke. Izan ere, hasieran, nire bloga modu batean enfokatzea erabaki nuen. Haatik, denbora pasa ahala, ohartu naiz pentsatutako hori ez dela egokia, eta hori dela medio, nahiko geldituta izan dut bloga. Hala ere, aste batez egon naiz pentsatzen blogean zer eta nola egin kontuari buruz, eta jadanik erabaki bat hartu dut. Hortaz, hemendik aurrera, mugimendu gehiago ikusi ahal izango duzue blogean. Gainera, esan beharra dago, blogaren lan honetan pentsaten nuen baino zailtasun gehiagorekin topo egin dudala, eta horrek, urduritasuna eta larritasuna eragin didala, eta aldi berean, blokeoa.


2013ko abenduaren 13an

Aste honetan zehar, egin beharreko proiektuarekin aritu gara, gidan proposatzen zaizkigun jarduerak burutuz, eta guk eratutako Google Sitesean islatuz. Egindako ariketak hurrengo hauek izan dira: alde batetik, egoera berdefinitu, eta beste aldetik, atzeratuta geneuzkan lanak eguneratu. Horretarako, binaka jartzea erabaki dugu; izan ere, modu honetan, lanarekin aurrerago egin dezakegu, eta taldekide guztiok zerbait egiteko aukera dugu.

Bestalde, esan beharra dago, aste honetako saioetan, besteetan baino erosoago egon naizela. Izan ere, jadanik gure proiektua bideratzen hasi gara, eta hori osatzen joateko jarraibideak argi eta zehatzak dira, era egokian jarraitzeko modukoak.

Aurrekoarekin batera, aipatzekoa ere bada aste honetako saioetan izandako zailtasunak. Alde batetik, astekari guztietan aipatzen dudan bezala, denboraren kontua dugu. Izan ere, datorren astean proiektua aurkeztu behar dugu, eta den-dena prest izan behar dugu; hala ere, oraindik lan neketsua izan badugu. Eta, beste aldetik, guk pentsatutako proiektua oinarri digital batean aurkeztu eta bideratu nahi izan genuen; hala ere, egiten hasi ginenean ohartu ginen Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat zailegia eta nahasgarriegia dela, eta hori dela medio, beste oinarri digital bat pentsatu behar izan genuen, eta gure proiektua horretara egokitu.

Amaitzeko, gustatuko litzaidake aste honetan ikasitakoa ezagutaraztea. Izan ere, batzuetan pentsatzen duguna baino askoz gehiago ikasten dugu, baina arazoa da ez dugula horretan erreparatzen; hainbat dira gure buruan ditugun gauzak eta egin beharreko lanak ezen ez baitaukagu norbanakoak egiten duen ikasketaz kontzientziente izaterik. Hortaz, aste honetan, nire burua andereño gisa jartzea eta horren arabera aritzen ikastea izan da. Beste hitzetan esanda, nire etorkizunean egin behar izango dudan edozein proiektua martxan jartzeko zein pausu, zer irizpide eta zein  nolako jarduerak prestatu behar ditudan horietan trebatzen joatea, eta aldi berean, lan horrek suposatzen duen denboraz eta prestakuntzaz kontziente izatea. Halaber, aipatzekoa ere bada aste honetan, irakasleen artean  lan kooperatiboa eta kooperazioa egotearen garrantzia ere esperimentatu dudala; azken batean,  taldeak proiektuarekin aurrera egiteko ezinbestekoa izan du modu kooperatiboan lan egitea.


2013ko abenduaren 19an

Azken astea eta lauhilabetekoaren azken saioa dugu gaur, eta hori dela medio, saio honetan landutakoaren hausnarketa ez ezik, irakasgai honek eskaini didanaren gogoeta ere egitea gustatuko litzaidake.

Lehenik eta behin, has gaitezen gaurko egun honetan ikasitakoaz mintzatzen. Gaurko saioan talde bakoitzak egindako proiektuaren aurkezpena egin du. Modu desberdinetan eta helburu ezberdinak lortzeko zuzendutako proiektuak izan dira, bakoitzak bere berezitasuna zuelarik. Hortaz, nire klaseko kideek eginiko proeiktuetatik IKTak gela barruan era desberdinetan erabiltzeko hainbat aukera ezagutu ahal izan dut. Horrekin batera, aurkezpenei amaiera emateko nahian, irakasleak galdera bat bota digu, hots, zer ikasi duzue proiektuari esker? Momentu honetan, bakoitzak zer ikasi duen komentatzerakoan, konturatu naiz haiek komentatzen zituzten ikasketak nik ere egin ditudala baina ez nintzela horietaz kontziente.

Nire txanda heldu denean, hurrengoa izan da nire ikaskideekin elkarbanatu dudana: lehenengoz, eta nire aburuz, ikasketarik garrantzitsuena EGITEN IKASTEN dela da. Izan ere, lauhilabeteko honetan burututako lan guztiak azterturik, antzeman dezakegu ez direla lan teorikoak ikasi, hau da, orri baten aurrean ipini eta ikasi beharrekoak, baizik eta lan erabat praktikoak. Hortaz, praktikoa den orok "egitearen beharra" eskatzen du, modu hori izango baita ikasteko bide  bakarra.

Bigarrenez, ezagutu eta erabiltzen ikasi ditudan aplikazio digital guztiak ditugu. Izan ere, astekarian zehar behin eta berriro esan bezala, ez nituen ikt-en inguruko ezagutzarik, eta ondorioz, bai blogerako bai proiekturako erabilitako aplikazio guztiak nire ikasketa prozesurako ere baliogarriak izan dira.

Hirugarrenez, eta azkenik, orain arte esandako hori guztia, maistra izango naizen heinean nola aplikatu ere ikasi dut. Azken batean, proiektuarei esker, etorkizunean egin behar izango dudan lanari hurbilketa bat egiteko abagunea izan dugu. Izan ere, irakaskuntzan modu kooperatiboan lan egin behar izango dugu, eta ondorioz, maisu/maistrak izateko prestakuntzan murgilduta gaudelarik, ondo datorkigu horretan trebatzen hastea.

Amaitzeko, gustatuko litzaidake irakasgai honetako balorazio orokorra: alde batetik, esan beharra dago, lehenengo egunean  nekarren itxaropenak eta helburuak erabat bete direla. Izan ere, nik irakasgai honetatik lortu nahi nuena ezagutza berriak eskuratzea zen, eta lauhilabete osoan zehar eskatu zaizkigun lanek hori betetzea ahalbidetu dute. Beste aldetik, proposatu zaizkigun lanek ere talde lanean eta kooperatiboan trebatzeko aukera eskaini digute, bai orainaldian bai etorkizunean baliogarria izango dena. Eta amaitzeko, eta nire aburuz garrantzitsuena, kontuan izanda maistra izateko prestakuntzan gaudela, eskuratutako ezagutza guztiak eskolan eta gelan bertan aplikatzeko aukerak eta bideak luzatzea; azken batean, guri interesatzen zaiguna irakasten ikasteko gaitasuna garatzea da, eta irakasgai honen programa gaitasun hori eskuratzera bideratuta egon da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina